URRUNDIK IKUSTEN DUT

 

 

Urrundik ikusten dut, ikusten mendia,

Beraren gibelean baitut nik herria;

Jadanik dut aditzen, zorion handia!

Ezkila maitearen hasperen eztia.

 

 

Ezkila, zer ote duk hik egun erraten?

Urrunera zer berri ote duk igortzen?

Mendiek hedoipetik dautek ihardesten,

Hik errana zerura ditek helarazten.

 

 

Landako langilea, artzain mendikoa,

Iturriko bidean doan neskatoa,

Aditurik, ezkila, hire boz lanoa,

otoizten hasi dituk Ama zerukoa.

 

 

Nik ere dut otoizten Birjina Maria,

Baserrietan galdu haurren gidaria;

Neretzat otoi dezan ardiets grazia

Bakean kausitzeko nik egun Herria.

 

 

 

Mendiak utzi ditut urrun gibelean,

Herria dut ikusten jadanik aldean.

Zer duk, ene bihotza, saltoka barnean?

Ote duk huts eginen herrira heltzean?

 

 

 

Agur, agur, herria! Agur, sor-lekua!

Agur, nere haurreko leku maitatua!

Jainkoak aditurik haur baten oihua,

Hire ganat duk haur bat egun hurbildua.

 

 

 

Mendiaren hegitik hartuz zeiharrera,

Iduri xingola bat, aldapa behera,

Bidexka, hi xuxen haiz jausten zelaiera,

Xuxen ereman nezak ahaiden artera.

 

 

 

Bide hegiko haitza, zenbatez haurrean,

Igandetan mezatik etxera sartzean.

Zenbatez ez nauk jarri, amaren aldean,

Hire adar lodiek egin itzalean!

 

 

Baratze gibeleko elorri xuria,

Beti duk begiratzen haurreko tokia.

Hik bezala zertako, aldaska garbia,

Ez diat sor-lekuan higatzen bizia?

 

 

 

Bainan nere begitik nigar bat da jausten;

Bozkarioak darot bihotza gainditzen,

Etxekoen boza dut jadanik aditzen.

Jainkoa, darozkitzut eskerrak bihurtzen!

 

 

 

Ezkila, berriz diat bihotzean pena,

Herritik urruntzean bakotxak duena;

Neretzat hik baihuen jo lehen orena,

Agian hik orobat joko duk azkena.

 

HARLUXI (DARRUPE)

Créé par AVS Document Converter

www.avs4you.com