SOR-LEKUA UTZIZ GEROZ

 

1

 

Sor lekua utziz geroz

Ondikotz hala beharrez!

Jainko ona urrikaldu

Da beti nere nigarrez:

Primaderan hasi orduko

Arbolak estaltzen lorez,

XOritto bat heldu zaut beti

Nere herritik hegalez,

 

2

 

Nere ganat hain urrundik

Etortzean, unatua,

Arbolarik hurbilena

Du bere pausa lekua.

Aldaxka goren gorenean,

Horra nun den lokartua:

Luma pean zango bat eta

Hegal pean du burua.

 

Pausa hadi, Io egizak,

Xori maitea, bakean:

Atzarria ni hire zain

Hemen nauk hire aldean,

Ur xortarekin horra gero

Papurrak leiho gainean;

Bainan gero hango berriez

Oroit hadi atzartzean!

 

4

 

Oroit hadi bai, xoria,

Herri maiteko berriez:

Nere aitaz, nere amaz,

Nigarrez han nik utziez,

Mintza hakit haurridez eta

Mintza lagun on hekiez,

Mintza nihorahantzi gabe,

Maite nituen guziez.

 

5

 

Atzar hadi, atzar bada,

Berriketari abila,

Nere beldur izan gabe

Jin hakit hurbil hurbila;

Ene leihoan izan hizanez

Erradak ixil ixila,

Izan ere hunatekoan

Solas ordainaren bila.

6

 

Xoria, lo hagolarik

Ikaran nagok- aldean:

Ez ahal duk zori gaitza

Maite nautenen artean!

Hala balitz, otoi, xoria,

Berriz herrirat heltzean

Loretto bat nigar batekin

Pausazak tonba gainean.

 

7

 

Xorittoa joan denean

Hostoak eror-denboran,

Berriz etor ez dadien

Beldurrez nago ikaran:

Ihiztaria, hartzen baduk

Nere xoria saretan,

Utzak, otoi, gaixoa libro

Berriak ekar ditzadan!

 

ELIZANBURU